Zarena zarelako

Altxatu zaitez, izan errebelde eta gaztea!

2015(e)ko urtarrilaren 25(a), igandea

KOLPEZ KOLPE

Abantoko Gazte Asanbladatik KOLPEZ KOLPE dinamikak martxan jarriko ditugu. Dinamika hauen bidez protesta segida bat abian jartzeko asmoa daukagu; gaur, gure herriak jasan behar dituen erasoei aurre egiteko. Dinamika hauek herriaren puntu desberdinetan egingo dira eta horietan eraso sexistak, arrazismoa, kapitalismoa, errepresioa eta bestelako jarduera menderatzaileei haginak erakutsiko dizkiegu.


Zenbait pausutan banatuko ditugu. Alde batetik, egoera zapaltzaileak identifikatuz joango gara eta haien inguruko analisia egin. Hau horrela idazki bat luzatuko diogu herriari mobilizazioetara deituz. Erasoa dagoen tokian kontzentrazioak antolatuko dira eta horietan gure analisia eta iritziak luzatuko ditugu. Bukatzeko eta gure aldarrikapenak ozen entzun daitezen, txalaparta joz, mezua zabalduko dugu. Gure intentzioa musikaren eta gure hitzen bidez sistema kolpatzea da.


Hau aurrera eramateko eta gure protestak entzun daitezen jendearen presentzia eta beste eragileen parte hartzea ezinbestekoa ikusten dugu. Kaleak bete nahi ditugu, gure amorrua eta ezinegona adierazi eta kapitalaren morroi den udaletxe honi eta haren lagun zitalei (Petrohorror, Kutxabank eta bestelako lapurketa antolakundeak, Guardia Zibila...) aldatzeko garaia dela erakutsi nahi diegu. Haien garaiak bukatu dira, Abanto aske bidean dago.


KOLPEZ KOLPE ondorio bat izan da, Abanto egoera kritiko batean dagoela uste dugu eta hura hondoratzen ari diren zamak kendu nahi ditugu. Gazteok herri libre batentzako hautua egin dugu zeinetan beldurrik gabe gure ideiak eta proposamenak aurrera atera ditzakegun, parekidetasunean bizi eta etorkizun bat izan dezakegun. Erabat libreki nahi dugu bizi, hazi, jolastu, maitatu, borrokatu; inolako mugarik eta zapalkuntzarik gabe, estereotipoak eta patriarkatua alde batera utzi nahi dugu,  gu geu nahi dugu izan.


Horretarako, datorren hilabetetan gure proiektua errealitate bihurtuko dugunean; zure indarra beharko dugu. Hurbildu zaitez kontzentrazioetara, parte hartu asanbladetan, antolatu zaitez. Eskubideak irabazi itzazu gurekin, emango ez dizkizute eta.



ZALDITERIA DABIL, GURE KONTRA GORA!
PAKE PIPA ERRETZEKO HAU EZ DA DENBORA!

ABANTOKO GAZTE ASANBLADA, KOLPEZ KOLPE!

2015(e)ko urtarrilaren 12(a), astelehena

Hau al da zuen bakea?

Gaur, 2015eko urtarrilaren 12an, bakearen etsaiek haien txakurrak askatu dituzte. Botere zapaltzailearen morroiek 16 kide, lagun, guraso, seme-alaba indarrez hartu eta gure besoetatik erauzi dituzte. Tamalez, gure herria ohituta dago horrelako sarraskiak pairatzera; baina nazkatuta gaude, ezin dugu gehiago. Adierazpen honen bidez aske izateko nahiak delitu ez direla aldarrikatu nahi dugu, borroka ez da delitua!

Madriletik eta Parisetik bakea eskatzen digute, eta horren truke gure lagunak bahitzen dituzte. Hori al da zuen bakea? Hori indarkeria da! Euskal Herria bake prozesu batean murgilduta dago eta horrela bere bidea jarraituko du, etenik gabe. Zuen gainetik igaroko gara burua tente eta bihotza sutan. Zuen trikimailu zitalek ez gaituzte kikilduko eta are gutxiago geldituko. Gaur, oinarririk ez dauzkazuela agerian utzi duzue, erakundeek txikizioa eta indarkeria erabiltzen duzuela zuen interes burgesak aurrera eramateko, eta gure herriaren eskubideak urratzeko.

Baina jakin ezazue herriak barkatzen ez duela eta zuen ekintzek gero eta indartsuago egiten gaituztela. Herriz herri, auzoz auzo, giza eskubideen eta amnistiaren aldeko oihuak entzungo dituzue; ez dago erasorik erantzunik gabe. Eskuak zikindu dituzue eta orain ondorioak jasango dituzue. Ereiten dena jasotzen da eta zuek beldurra landatu duzue.

Bukatzeko besarkada bero bat bidali nahi diegu atxilotuei eta horien senide eta lagunei. Hoiekin gaudela gogorarazi nahi diegu, bakarrik ez daudela eta eurak etxean izan arte borrokatuko dugula.

Atxilotuak aske! Errepresiorik ez! Amnistia osoa!

JO TA KE IRABAZI ARTE!!

2015(e)ko urtarrilaren 7(a), asteazkena

U10, NOW EUSKAL HERRIRA!

Gazte Asanblada gure herria hobetzen saiatzen da, gure jaioterria, gure etxea. Baina badaude etxean egon ezin duten pertsona gehiegi. Torturak, atxiloketak eta jasarpenak ugariak izan dira azkenengo urteotan gure herritarron artean eta horri aurre egiteko eta gure desadostasuna erakusteko prest gaudenez urtarrilak 10ean (larunbat honetan) Bilbora joango gara.

https://pbs.twimg.com/media/B4JtyefIUAEe_Ea.jpg

Atxilotuta dauden lagunak, ez dira ETAko presoak, instituzioek adierazten duten legez; euren militantzia politikoaren ondorioz, euskal herritarrontzat bizia eman dutenak dira, eta dena eman duten pertsona horiek ez ditugu baztertu behar. Izan ere, Espainiako eta Frantziako estatuen zapalkuntzaren ondorio eta adierazle dira, eta gatazka politiko honen irtenbidea ere badaukate haien baitan. Ez dago Euskal Herri librerik eta ez dago bakerik haiek etxean ez badaude.

Hala ere, Espainia eta PNV ere, mugitu barik mantentzen dira, betiko inmobilismoan. Ez dugu haien inplikazioa, ez parte hartzea sentitu ekimen honetan eta beraz, arazoa era berean mantenduko den susmoa dugu. Hori dela eta, Abantoko Gazte Asanblada Bilbora joango da gure laguntza eskainiz eta betiko moduan, parte hartzeko prest.

Zuei ere luzatzen dizuegu gonbitea, beraz, etorri U10-era gurekin!

Euskal preso, iheslari eta deportatu politikoak etxera ORAIN!

U10 DENOK BILBORA

Gazte inkesta

Egutegia

Hemen duzue Abantoko Gazte Asanbladaren egutegia. Egingo diren ekintzak, bilerak eta ekitaldi garrantzitsuenak agertuko dira hemen. Nahi izanez gero, gehitu zure egutegi pertsonalera beheko Google+ botoia sakatuz eta pausoak jarraituz.